Nieves Aguirre, LANAko lehen emakume bazkidea

Joan den martxoaren 8an, Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek, ordezkari instituzional garrantzitsu askorekin batera, omenaldia egin zieten berdintasunerako bidean aitzindari izan ziren emakume kooperatibistei.

«Elkarrekin ahalduntzen, historia sortzen: kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago» lelopean egin zen ekitaldi hunkigarrian hauxe aldarrikatu zuten: eremu teknologiko, profesional eta erantzukizunekoan emakumeen presentzia handiagoa izateko beharra.
Omenaldian, kooperatibismoaren parte izan diren emakume aurreratu horiek guztiak aintzatetsi zituzten.

Eta horien artean ezin falta gure lehen emakumezko bazkide kooperatibista, Nieves Agirre. 23 urterekin erabaki zuen joskintza uztea eta gure proiektuarekin bat egitea, LANAn. Ekitaldian kontatu zigun hogeita hamar urtez lan egin zuela LANAn, garai horren inguruko oroitzapen oso onak dituela eta lankideek babestua sentitu zela.

Ekitaldia Gasteizko Goiuri jauregian egin zen, eta agerian geratu da BERDINTASUNA kooperatibismoaren DNAn dagoela, eta BERDINTASUNA dela enpresa solidario, demokratiko eta ekitatiboa eraikitzeko oinarria.

Zorionak emakume guzti-guztioi.